partekatu
• LASARTE-ORIA BAI! KROSA
Lasarte-Oria prest dago Lasarte-Oria Bai! Herri Krosaren edizio berri baterako
Ostadar S.K.T.k antolatutako kirol hitzorduaren 29. edizioa urriaren 25ean, igandean, egingo da. Aurten ere Lasarte-Oriako Udalaren babesa izango du, Tratu On Bat egitasmoaren bidez, baita herriko enpresa, saltoki eta elkarteena ere.
Lasarte-Oriak herri kirolaz gozatzeko aukera izango du berriro urriaren 25ean, igandean, Lasarte-Oria Bai! Herri Krosaren 29. edizioaren bitartez. Ostadar S.K.T.k antolatzen duen probak Lasarte-Oriako Udalaren laguntza eta lankidetza izango ditu aurten ere, baita herriko hainbat enpresa, saltoki eta elkarterena ere.
Edizio berria Okendo plazan aurkeztu dute, eta Ostadarreko ordezkariekin batera, ekimenarekin elkarlanean aritzen diren erakunde eta establezimenduetako ordezkariak izan dira bertan, besteak beste, Lasarte-Oriako Udala, Bertako Igogailuak, Etxezarreta Harategia, Musika Faktoria eta Iosu Serigrafia.
Udalaren lankidetza Tratu On Bat egitasmoaren bidez
Udaleko Sozioekonomia Sailak aurten ere bat egingo du ekimenarekin, Tratu On Bat herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko markaren bidez, 2.000 euroko ekarpena eginez eta ekimenaren irudia duten motxilak banatuz.
Lankidetza horrek hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta kirol proba herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduen parte-hartzearekin lotzen du.
Nuria Fernández Sozioekonomia zinegotziak adierazi duenez, «Lasarte-Oria Bai! Krosak 29. edizioa beteko du aurten, eta parte-hartzaileak, familiak eta ikusleak elkartuko ditu berriro herriko hainbat txokotan. Sozioekonomia Sailetik aurten ere lagunduko dugu, Tratu On Bat egitasmoaren bidez».
Fernándezek eskerrak eman dizkie, halaber, «Ostadarri, boluntarioei eta jardunaldiaren antolaketan parte hartzen duten erakunde eta establezimenduei, egiten duten lanagatik».
Bi kirol modalitate eta Lasarte-Oria eta Zubieta zeharkatuko dituen ibilbidea
Kirol jardunaldia 10:30ean hasiko da, Geltoki kalean, Ostadarren egoitzaren parean, 10 kilometroko herri lasterketaren irteerarekin. Ohi bezala, ibilbideak Lasarte-Oriako auzo ugari zeharkatuko ditu, eta Zubietatik ere igaroko da, Okendo plazan amaitu aurretik.
Korrikalari guztiek irteera hartu ondoren, martxa nordikoaren txanda izango da. Modalitate horrek 5 kilometroko ibilbidea izango du, eta helmuga bera izango du.
Ondoren, sari banaketa egingo da Okendo plazan. Modalitate bakoitzeko irabazleek, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, txapela eta lore sorta bana jasoko dituzte.
Gainera, aurreko edizioetan bezala, ohiko garaikurren ordez Aterpeari atxikitako saltokietan erabiltzeko erosketa bonuak banatuko dira. Guztira, 1.200 euro banatuko dira bonuetan, kategoria desberdinetako podiumetan sailkatzen direnen artean. Ekimen horrek herriko merkataritzari babesa ere emateko ere balioko du.
Aurtengo berrikuntza gisa, parte-hartzaileek aplikazio bat izango dute eskura, lasterketan zehar beren kokapena senideekin eta lagunekin partekatzeko.
Euskararen Maratoiak 1 zenbakiko dortsala eramango du
Aurtengo edizioan, Euskararen Maratoiari aitortza berezia egingo zaio. Ekimen horretako ordezkariek eramango dute 1 zenbakiko dortsala, urteetan egindako ibilbidea eta euskararen aldeko lana eskertzeko.
Ostadarrek gogorarazi duenez, bi ekimenek lotura estua izan dute lasterketaren hastapenetatik. Horregatik, aurtengo edizioa baliatu nahi izan dute Euskararen Maratoiak euskararen sustapenean eta erabileran duen garrantzia aitortzeko.
Antolatzaileek, gainera, euskara sustatzera animatu dituzte parte-hartzaile guztiak, bai kirol jardunaldian bertan, bai eguneroko bizitzan.
Izen-ematea zabalik, urriaren 23ra bitarte
Lasarte-Oria Bai! Krosean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada Ostadarren webgunean, www.ostadarskt.eus helbidean. Internet bidezko izen-ematea urriaren 23ra arte egin daiteke, ostirala, 23:59ra bitarte.
Aurrez aurre izena emateko aukera ere izango da urriaren 19tik 23ra, Mercero eraikineko erakusketa aretoan, 17:00etatik 19:30era.
Era berean, interesa dutenek Michelin pilotalekuan eman dezakete izena urriaren 24an, larunbata, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era, baita lasterketaren egunean bertan ere, urriaren 25ean, 9:00etatik 10:00etara.
Prezioak aurreko edizioko berberak izango dira: 10 euro Ostadarreko bazkideentzat eta 15 euro gainerako parte-hartzaileentzat. Lasterketaren egunean bertan izena ematen dutenek, berriz, 23 euro ordaindu beharko dituzte.
Izena ematen duten guztiek kamiseta tekniko bat jasoko dute, eta Michelin pilotalekuan hartzeko aukera izango dute, probaren bezperan edo egunean bertan. Horrez gain, herriko taberna, jatetxe, okindegi eta bestelako establezimenduek emandako oparien zozketetan parte hartuko dute, baita kirol ikuskizunetarako sarreren zozketetan ere.
Korrika Festak 700 haur inguru elkartuko ditu
Jardunaldiak Korrika Festaren 24. edizioarekin jarraituko du. Herriko familien eta gaztetxoenen artean ikusmin handiena pizten duen ekimenetako bat da.
12:00etatik aurrera, 700 haur inguru biltzea espero da. Atletismoaz gozatzeko aukera izango dute, jai giroan eta parte-hartzea ardatz hartuta.
Lasterketak sei kategoriatan antolatuko dira, jaiotza urtearen arabera: kadeteak (2011-2012), infantilak (2013-2014), 2021ean jaiotakoak, 2019-2020an jaiotakoak, 2017-2018an jaiotakoak eta 2015-2016an jaiotakoak. Distantziak 100 eta 1.200 metro artekoak izango dira, adin bakoitzera egokituta.
Korrika Festan izena emateko epea ere urriaren 19an, astelehena, zabalduko da. Dortsalak Mercero eraikineko erakusketa aretoan eskura daitezke, 7 euroren truke. Parte hartzen duten haur guztiek kamiseta tekniko bat eta hainbat opari jasoko dituzte lasterketa amaitzean.
Edizio berri honekin, Lasarte-Oriako kaleak kirolaren, parte-hartzearen eta elkarbizitzaren inguruko topagune bihurtuko dira berriro. Hala, Udalak herriko elkarteek sustatutako ekimenei babesa emateko konpromisoa berretsi du, Ostadarren lana ez ezik, herrian hain errotuta dagoen proba honi bizirik eusten laguntzen duten pertsona eta erakunde guztiena ere aitortuz.