partekatu
• AROA PLANGINTZA
Lasarte-Oriak AROA 2026-2030 onartu du, euskara indarberritzeko plangintza berria
Osoko bilkurak onartutako planak bost lan-ardatzetan antolatutako 28 ekintza jasotzen ditu eta udalaren hizkuntza-politikaren plangintza ezartzen du 2030era arte.
Lasarte-Oriako Udalak urriaren 8an, ostegunean, egindako osoko bilkuran onartu zuen AROA 2026-2030, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategiko berria. Planak PSE-EEren, EAJ-PNVren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoak jaso zituen; PP, berriz, abstenitu egin zen.
AROA planak datozen bost urteetarako udalaren hizkuntza-politikaren lan-ildo nagusiak zehazten ditu, eta eguneroko bizitzako hainbat esparrutan euskararen ezagutzarekin, presentziarekin eta erabilerarekin lotutako 28 ekintza jasotzen ditu.
Planak hezkuntza, familiak, kirola, kultura, merkataritza, ostalaritza, aisialdia eta udal-administrazioa bezalako arloak hartzen ditu kontuan, eta euskararen ikaskuntzarekin zein erabilerarekin lotutako neurriak aurreikusten ditu.
Euskara zinegotziak azaldu duenez, “AROA 2026-2030 aldirako udalaren hizkuntza-politikaren plangintza edota ibilbide orria da, eta aurreikusitako ekintzak hainbat lan-eremutan antolatzen ditu. Planak neurrien jarraipena egitea eta datozen urteetan horien garapena ebaluatzea ahalbidetuko du”.
Diagnostikoan eta parte-hartzean oinarritutako prozesua
AROA Lasarte-Oriako hizkuntza-errealitatearen diagnostikotik eta parte-hartze prozesu batetik abiatuta landu da. Prozesu horretan datu soziolinguistikoak aztertu dira eta herritarren zein tokiko hainbat eragileren ekarpenak jaso dira.
Lan horretatik abiatuta zehaztu dira 2026-2030 aldirako planak jasotzen dituen helburuak, lan-ildoak eta ekintzak.
Alkortak adierazi duenez, “diagnostikoan identifikatutako lan-eremuetako bat euskararen ezagutzaren eta eguneroko erabileraren artean dagoen aldea da. Planak gai hori eguneroko bizitzako hainbat esparrutan lantzeko ekintzak jasotzen ditu”.
Bost ardatz estrategiko eta 28 ekintza
AROA bost ardatz estrategikotan egituratzen da, eta 2026tik 2030era bitartean garatuko diren 28 ekintza jasotzen ditu.
1. Gobernantza: euskara udal-jardueran zeharka txertatzeko neurriak jasotzen ditu. Aurreikusitako ekintzen artean daude udal-espazioetan herritarrek arreta euskaraz jasotzeko aukera bermatzea, udalaren prentsaurrekoetan euskararen presentzia handitzea eta Euskara Kontseilua sortzea.
2. Jarrera eta motibazioa: euskarazko kultur eskaintzarekin, Euskaraldiarekin eta herriko jaietan euskararen presentziarekin lotutako ekintzak jasotzen ditu.
3. Ezagutza eta gaitasuna: euskara ikastea errazteko eta herritarren hizkuntza-gaitasunak hobetzeko neurriak jasotzen ditu; besteak beste, udal-dirulaguntzak berrikustea, euskaltegietako prestakuntza-eskaintza eta mintzapraktika zein hizkuntza-laguntzarako programak.
4. Erabilera eta elkarreragina: merkataritzan, ostalaritzan, kirol-elkarteetan eta haur zein familientzako aisialdi-jardueretan euskararen erabilerarekin lotutako ekintzak jasotzen ditu.
5. Ikerketa eta sistematizazioa: euskararen inguruko pertzepzioak, jarrerak eta diskurtsoak aztertzea aurreikusten du, hainbat eragilerekin elkarlanean, etorkizuneko ekintzak bideratzeko informazioa eskuratzeko.
Jarraipena eta Euskara Kontseiluaren sorrera
Planak urtez-urteko garapena aurreikusten du, eta 2026rako 8 ekintza, 2027rako 15, 2028rako 21, 2029rako 16 eta 2030erako 13 ekintza programatu dira.
AROAren garapenaren parte izango dira jarraipena eta ebaluazioa. Testuinguru horretan, Euskara Kontseilua sortzea aurreikusten da, planaren jarraipena egiteko eta inplikatutako eragileekin parte-hartzerako espazio bat izateko.
Euskara zinegotziak azaldu duenez, “jarraipenak aurreikusitako ekintzen garapen-maila ezagutzea eta 2026-2030 aldian planaren aldizkako ebaluazioa egitea ahalbidetuko du”.
Marko estrategikoak, gainera, 2031-2034 aldirako bigarren plangintza-etapa bat aurreikusten du.